Mobile-ren ohiko galderak

Ohiko galderak

Firefoxi buruz

Zergatik Firefox telefono mugikorretarako?
Firefox telefono mugikorretara eramanez, Mozillaren misioa betetzeko hurrengo urratsa eman da: edozeinek atzi dezakeen weba sortzen laguntzea, gailua edo kokapena edozein dela ere. Horrez gain, Mozillak garatzaileentzako plataforma aberatsa eskaintzeko asmoa izan du, eduki sinesgarria eta aplikazio berritzaileak sor ditzaten. Firefox, eskuragarri dagoen web nabigatzailerik aurreratuena, azkarra, segurua eta pertsonalizagarria da eta ezin hobe sinkronizatzen da zure mahaigaineko Firefoxekin.
Kosturik al dauka?
Ez. Firefox irabazi asmorik gabeko Mozilla Fundazioak sortu zuen Interneten irekitasuna, berrikuntza eta aukera eskaintzako duen konpromisoaren osagai gisa. Internet baliabide global publiko modura mantendu nahi bada, Firefox bezalako software libre eta kode irekikoa ezinbestekoa dela uste dugu. Gehiago.
Zein desberdintasun dago orain daukadan nabigatzaile mugikorraren eta Firefoxen artean?
Mozilla gailu mugikorretara eraman du Firefox esperientzia. Sortu den nabigatzaile-motor modernoenetako baten gainean eraikita, Firefox osorik dator bere ezaugarri guztiekin, esaterako bere "Barra Txundigarria", pasahitzen kudeatzailea, klik bakarreko laster-marken sorrera, kokapena ezagutzen duen nabigatzailea, eta beste ezaugarri asko. Era berean, Firefox gehigarriak eskaintzen dituen lehen web nabigatzaile mugikorra da: erabiltzaileek nahierara pertsonalizatu ahal dute nabigatzailea.
Ba al dago Firefox nire hizkuntzan?
Momentu honetan, gailu mugikorretarako Firefox 25 hizkuntza baino gehiagotan deskarga daiteke, eta beste hizkuntza batzuetako itzulpenak abian daude. Ikus beste hizkuntza batzuetan eskuragarri dauden bertsioen zerrenda osoa.
Nork egin du Firefox?
Firefox irabazi asmorik gabeko Mozilla Fundazioak sortu du, mundu osoan barrena barreiatutako komunitate baten laguntzarekin. Komunitateak egindako ekarpenei esker, gehigarri eta eguneratze berriak erantsiko dizkiogu Firefoxi, azkarragoa, seguruagoa eta indartsuagoa izan dadin. Lagundu nahi al duzu? Begiratu Garatu Mobile-rako orria.

Segurtasuna

Nola izango da Firefox segurua mugikorretik nabigatzen ari naizenean?
Mozillaren kode irekiko prozesuak mundu osoko milaka segurtasun-adituren esperientzia baliatzen du, eta Firefoxek webguneen berehalako IDa bezalako ezaugarriak ditu gune susmagarriak berehala aztertzeko eta haien nortasuna benetakoa dela egiaztatzeko. Pasahitzak, cookie-ak, irudien karga eta gehigarrien instalazioa kudeatzeko segurtasun-ezarpen pertsonalizagarriek zure nabigatze-esperientzia erabat kontrolatzeko aukera emango dizute. Gehiago.

Deskarga & gailuak

Nola deskarga dezaket Firefox nire mugikorrera?
Joan Mozilla.com-eko Mobile webgunera eta bidali testuko mezu bat Firefox zure mugikorrera deskargatzeko. Edo bestela, joan mozilla.com/m webgunera zure egungo nabigatzaile mugikorrarekin eta deskargatu Firefox zuzenean zure mugikorrean. Windows Mobile onartzen duen mugikorra badaukazu, Firefox zure mahaigainera deskarga dezakezu eta zure telefonoarekin sinkronizatu ActiveSync erabiliz.
Funtzionatuko al du Firefoxek nire telefono mugikorrarekin?
Egun, Firefox bateragarria da Nokia N810 eta N900 gailu mugikorrekin eta Windows Mobile 6.0 edo goragokoa daukaten telefonoekin. Ikus onartutako gailuen zerrenda osoa.
Deskarga al dezaket Firefox nire mugikorrera, nahiz eta onartutako gailua ez izan?
Firefox Maemo-n edo Windows Mobile 6.0 edo goragokoan erabil dezakezu, nahiz eta zure telefonoa probatutako gailuen zerrendan ez agertu, baina ez dugu bermatzen funtzionaltasun osoa erakutsiko duenik. Firefox probatu nahi baduzu, onartutako gailu batean egin dezazun aholkatzen dizugu, bere funtzionaltasun guztiak erabil ahal ditzazun. Ikus onartutako gailuen zerrenda osoa.
Deskarga al dezaket Firefox iPhone-ra?
Firefox oraindik ezin da iPhone-n erabili.

Firefoxen erabilera

Nola erabili behar dut Firefoxen erabiltzaile-interfazea webean nabigatzeko?
Zure mugikorraren pantailan espazioa aurrezteko, Firefoxen kontrolak pantailaren alboetan ezkutatuta daude. Haiek ikusteko, atzamarrarekin mugitu behar duzu pantaila eskuinera edo ezkerrera. Zure fitxak pantailaren ezkerraldean daude; laster-markak eta ezarpenak eskuinaldean. Webgune bateko tarte gehiago ikusi ahal dezazun, helbide-barra ere desagertu egiten da webgunea beherantz korritzen duzunean, baina berehala agertzen da gorantz itzultzen zarenean.
Nola hurbildu eta urrundu dezaket pantaila?
Hurbiltzeko, eman kolpetxoa atzamarrarekin bi aldiz. Urruntzeko, berriro eman kolpetxoa bi aldiz.
Nola egin dezaket weborri baten laster-marka?
Joan laster-marka egin nahi duzun gunera. Ukitu pantailaren eskuinaldean agertzen den laster-marketarako "izarra".
Nola ireki dezaket fitxa berria?
Ukitu pantailaren ezkerrean dagoen "plus" botoia fitxa berria irekitzeko. Fitxak miniatura modura ageri dira, zein orri hautatu nahi duzun errazago ikus dezazun.

Ezaugarriak

Zer da hain berezia "Barra Txundigarrian"?
Barra Txundigarria zuk nahi duzun lekura eramango zaitu berehala. Ukitu Barra Txundigarria eta hasi tekleatzen. Tekleatzen duzun heinean, sarritan edo berriki bisitatu dituzun edo laster-marka bidez markatu dituzun webguneak erakutsiko dira. Barra Txundigarriak ikasi egiten du hura erabiltzen duzun heinean, zure gogokoenetara moldatuz eta zure nabigatzea pertsonalago bihurtuz. Barra Txundigarrian sakatuz URL bat edo bilaketa-hitz bat sar dezakezu eta weba arakatzeari ekin diezaiokezu. Edo, pantailaren azpialdean ageri diren bilaketa-motorretako batean kolpetxoa eman zuk nahi duzun tokira iristeko. 
Zer dira Firefoxen gehigarriak eta nola eskura ditzaket nire gailu mugikorrean sartzeko?
Gehigarriek zure Firefoxa pertsonalizatzeko balioko dizute, zure nabigatzailea "zurea" bihurtuko duten ezaugarriak eta pertsonalizazioak erantsiz. Hautatu zure pantailaren behean eskuinaldean ageri den "engranaje" botoia, ondoren hautatu gehigarrien "puzzle" botoia eta bilatu eta instalatu zuretzat erabilgarrienak izango diren gehigarriak zuzenean zure mugikorretik.
Nola parteka ditzaket Firefoxen laster-markak, historia, fitxak eta gehiago nire PCaren eta nire mugikorraren artean?
Weave Sync gehigarriak zure Firefox esperientzia zure mugikorrera eramango du. Hasteko, sortu Weave Sync kontu bat zure PCan. Ondoren, joan zure mugikorreko Firefoxera eta bilatu eta instalatu Weave Sync gehigarria. Zure Weave Sync kontuaren informazioa sartu ondoren sinkronizazioa burutzen baduzu, zure Firefoxeko hobespenak, historia eta gainerako informazioa PCan eta mugikorrean partekatua geratuko da. Gehiago jakiteko, joan Sinkronizazioa orrira.
Weave Sync gehigarria behar al dut Firefox nire telefonoan erabiltzeko?
Ez. Firefoxeko informazioa zure PCaren eta mugikorraren artean sinkronizatzea oso erabilgarria dela uste badugu ere, Weave Sync hautazko zerbitzua da, eta nahi baduzu erabil dezakezu. Konfiantzazkoa duzun eta espero duzun betiko Firefoxaz goza dezakezu Weave Sync gabe. Weave Sync-ek zure historia, laster-markak, hobespenak eta askoz gehiago partekatzen laguntzen dizu, zure nabigatze-esperientzia hobetuz zuk nahi duzun lekutik.
Zer da kokapenaren araberako nabigazioa? Firefox non nagoen jarraitzen ari da?
Kokapenaren araberako nabigazioak denbora aurrezteko balio dizu, webguneei non zauden esanez. Zure kokapena webgune bati jakinaraztea erabakitzen baduzu, hurbil dauzkazun puntu interesgarriak aurki ditzake eta informazio erabilgarria itzuli, esaterako kokatuta zauden lekuko mapak. Hautazkoa da - Firefoxek ez du zure kokapena inorekin partekatuko zure baimenik gabe. Ikusi gehiago kokapenaren araberako nabigazioaz eta begiratu Google Location Service-ren pribatutasun-politika.
Zein zehaztasun dauka kokapenak?
Zehaztasuna asko aldatzen da toki batetik bestera. Zenbait tokitan, gure zerbitzu-hornitzaileek metroetako zehaztasuna duen kokapena eskain dezakete. Hala ere, beste toki batzuetan hori baino askoz handiagoa izan daiteke. Zure zerbitzu-hornitzaileek itzultzen dituzten kokapen guztiak estimazioak dira eta ezin dugu bermatu emandako kokapenen zehaztasuna.

Garatzaileen galderak

PCrako sortu dudan Firefox gehigarri bat eraman al daiteke mugikorrera? Ezin bada, nola aldatu behar dut?
Mahaigaineko Firefox eta Firefox mugikorra plataforma beraren gainean eraikita dauden arren, desberdintasun txikiak daude eta garatzaileek aldaketak egin beharko dituzte beren gehigarrietan. Aldaketa horiek samurrak dira gehienetan, joan Garatu Mobile-rako orrira gehiago jakiteko.
Zein nabigatzaile-motor erabiltzen du Firefoxek?
Firefoxen mahaigaineko zein mugikorreko bertsioek Gecko errendatze-motorra darabilte biek. Firefoxen bertsio mugikorrak Geckoren 1.9.2 bertsioa darabil. Mozillak inoiz prestatu duen nabigatzaile-motorrik azkarrena da eta ezaugarri zirraragarriak ditu, hala nola asko hobetutako JavaScript-en performantzia, geokokapenaren euskarria, hari langileak, eta askoz gehiago.
Zein JavaScript motor darabil Firefoxek?
Firefoxek “TraceMonkey” JavaScript motor berria darabil. TraceMonkey aztarnen teknologia erabiltzen duen JIT ("just in time" - justu garaiz) konpiladore aurreratu bat da. TraceMonkey motorrak web aplikazioak azkarragoak izatea lortzen du kodea exekutatzen den heinean konpilatzen duelako, PUZaren erabilera intentsiboa behar duten aplikazioak ia beren jatorrizko abiaduran exekutatzea lortuz.
Nola gara dezaket kokapena kontuan duen webgune bat Firefoxerako?
Firefoxek W3C partzuergoaren geokokapen espezifikazioaren lehen zirriborro publikoa garatu du. Kokapena kontuan duten webguneak nola garatu behar diren jakiteko modua, hemen.
Onartzen al du HTML 5 nire mugikorreko Firefoxek?
HTMLren hurrengo berrikuspen nagusia HTML 5 da. HTML 5 espezifikazioa abian dagoen lana da, baina badaude HTML 5 barruan webgune eta aplikazio berritzaileagoak sortzea ahalbidetuko dituzten hainbat ezaugarri. Firefoxek ezaugarri garrantzitsuak ditu, hala nola kokapenaren araberako nabigazioa, eta etiketak, web langileak eta lineaz kanpoko biltegiratzea.
Onartzen al ditu pluginak nire mugikorreko Firefoxek?
Bai, web plugin gehienek erabiltzen duten API estandarra (NPAPI) onartzen du. Adobe-ren Flash plugina eta beste hainbat plugin Nokia N900 eta N810 mugikorretarako moldatu dira.
Nola har dezaket parte?
Begiratu gure Garatu Mobile-rako orria Mozillaren Mobile proiektuan laguntzeko zer egin dezakezun jakiteko. Mobile-rekin erlazionatutako beste ekimen batzuetan nola parte har dezakezun jakin nahi baduzu, jo Parte hartu orrira.